26/01/2010

fantasiak

Atzo Nahia eta ezinaren blogeko azken sarrera irakurri eta gaurko Berrian lerro hauen azpira ekarri dizuedan artikulua. Nolabait biak lotuta daudela iruditu zait baita interesgarriak direla ere. Horrexegatik gure Kabaretera ekarri dizkizuet...

FANTASIAK


Gure buruak asmatzen dituen istorioak dira, eta gure gorputzean gauzatzeko dira, gure emozio, jokabide eta sentsazio erotikoen bidez. Bakoitzak bere erara. Ez dago eredurik!


Fantasiak gure baitan bizi badira ere, ez daude egun osoan bueltaka; gehienetan, kanpotik zein barrutik datozen estimuluen erantzunaren parte bihurtzen dira. Hau da, irudi bat gure gogora etortzen denean, alua bustita sentitzen dugunean, gustuko dugun zer edo zer ikusten dugunean, eguzkiak gure gorputza berotzen duenean... Edota guk eragindako istorioa gura dugulako plazera sentitu edota jolastu une batean. Beraz, hainbat modutan agertzen zaizkigu.

Fantasiei buruz oso gutxitan egiten dugu berba, oso eremu intimoan geratzen dira; askotan gure bikotekide edo laguna ere ez da izango gure bidaidea kontu horietan. Gainera, gugan dagoen fantasien irudikapena oso murriztua da; beraz, zer edo zer hortik ateratzen bada, partekatzea zailagoa izango da. Gehien entzuten den fantasietako bat izaten da gizon bi emakume batekin, edo neska bi gizon batekin jolasten egotea, laztantzen eta koitoa era desberdinetan praktikatzen. Bestelako fantasiak edukiz gero, inork pentsa dezake ez duela inolako fantasiarik, pentsamendu horiek ez dituelako etiketatzen fantasia moduan ikusita daudenen multzoan. Edo oso aldrebesa dela, «gaixoa» dela. Sarri galdetzen digute ea fantasia gure barneko desoreka baten adierazlea den; edo normala den fantasiak edukitzea bikotekidea eduki arren; ea harremanaren krisiaren ikurra izan daitekeen; ea zelan posible den homosexuala izanez heterosexualekin fantasiak edukitzea edo alderantziz.

Horrelako zalantzak eta beldurrak oso lotuta daude, alde batetik, sexualitatearen eta erotikaren bizipena beti egon delako moralaren edo patologiaren begiradapean. Gainera, 70eko eta 80ko hamarkadak baino lehenago, psikoanalisiaren (psikologiaren korronte bat) mezuek esaten zuten «pertsona zoriontsu» batek ezin zuela fantasiarik eduki eta bakarrik «pertsona asebete gabekoek» edukitzen zituztela; horrek ez zuen lagundu fantasiaren aberastasunaz ohartzen, batez ere jendaurrean. Beste alde batetik, psikologia munduan kriminal eta patolologikoak diren jokabideak aurreikusteko, fantasien ikerketa baliabide gisa erabili zuten. Horrek ere ez zuen askorik lagundu. Beraz, fantasia ez zen gozatzeko, beldurtzeko edo lotsatzeko baizik.

Gehienek fantasiak dituzte

Baina justu aldi berean (1973) Nancy Fridayek argitaratu zuen My secret Garden liburua, andrazkoen sexu fantasiei buruzko antologia bat, ikerketa sakon, zuzen eta zabal baten emaitza. Liburu horrekin fantasien munduen bidea zabaldu zuen, batez ere andreona.

Harrezkero, bai, egin dira ikerketak fantasien garrantzia azpimarratuz. Adibidez :

1995ean egindako ikerketa baten ondorioek baieztatu zuten aurrerago ikusitakoa, gizonen eta andreen %95ek fantasiak dituzte, eta ez dira patologia edo asebete gabekoen sintomak, kontrakoa baizik.

2000. urtean 15 eta 18 urte arteko gazteekin Araban egindako ikerketaren emaitzetariko batzuek azpimarratu zuten gazteen imajinario erotikoa nahiko zabaldua eta onartua zegoela. %96k aitortu zuten fantasia erotikoak izan zituztela, eta gehienek gozamenez bizitzen dituztela, nahiz eta %23k batzuetan estualdi eran bizitzen dituzten eta erru sentimenduarekin. Moralak gure barrenetatik egiten du bidea, guk gura ez izan arren.

Beraz, fantasiaren barruan, buruan asmatutakoa gorputzean gauzatzen da, plazeraren izkinak dastatu nahian. Fantasiak, batzuetan, gure sexualitatearen eta erotikaren bizipenetan oinarrituta daude; besteetan, desioak edota beharrak adierazten dituzte ....

Fantasian edozer gerta daiteke, edozein unetan, edozein tokitan, edozein mutil edota neskarekin, animaliekin, ezezagunekin, lurrarekin, eguzkiarekin edota urarekin, edozein jokabide edo jarrera onargarria da... Denak balio du. Gure irudimenean dago, eta eremu hori beti da segurua eta perfektua; guk daukagu kontrola eta guk nahi dugun moduan gertatzen da. Adibidez, fantasian gustukoa badaukagu ezezagun batek derrigortzea bere ipurdia astintzera, horrek ez du esan nahi nire bizitzan horrelakorik desiratzen dudanik. Fantasia eta errealitatea batu ezinak dira. Fantasia desio bihurtuz gero eta errealitatean gauzatuz gero, momentu horretan fantasia izateari utzi egingo dio. Beraz, fantasien «arauetatik» at egongo da.

Honako esan hau gogoratzeak argi dezake zerbait fantasien inguruan: «Fantasia landu bat daukanak aukera gutxiago dauzka hura ekintza konpultsiboetara eramateko» (1999. E. Amezua, Sexologiako doktorea).




Agurtzane Ormatza Imatz.

2 comentários:

*Nahia* disse...

Pozten naiz gustatu izanaz... eta mila esker propagandarengatik.

Anónimo disse...

Joño! Ba, nik ditudan fantasiak noizbait betetzeak poz ikaragarria emango lidake.