17/10/2007

Gelan sartu ginenean
gauerditan, ilunean,
mundua egin zan mutu...
Zuten izarrek kantatu
biok etzan ginenean.

Oianone! Oianone!
Gau hunetan zaitut ene;
larru legun eta zuri,
bular samur, sabel guri,
nire neska Oianone.

Ezti bakanez betea
zure matxantto maitea
urtzen zan ene ahora,
zabalik lore antzora
eta gozokiz betea.

Zure baratzeko bortan
arrotz batek jo du. Bertan
sarbidea emaiozu
zama bat baitakar pisu,
ez dezazula utz bortan!


Gauko oihanetan lasterka
zure gainean zaldizka,
behor zalu eta bizkor,
gau-bideetan gaindi, mozkor
banaramazu lasterka.

Ezpain likits, esku lizun,
atseginetan jakintsun
bularretik belaunera
haragi biok ikara,
jauzten zaitut, neska lizun!
..............................

Hiltzen naizela dirudi:
batetan mila su-ziri
ene burmuinetan sartu...
Botz-uhinak uzten gaitu
hilik garela irudi.

Egin du irri Ilargiak;
hesten zaizkiola begiak
neskatilak erraiten dau
esker onean otoitz haur,
dantzularik ilargiak:


«Gora izan hadi, Suge,
hi haizenik ene Rege,
hi haizenik ene Jainko
gau huntan eta betiko,
urre-buztaneko Suge!

Hatorkit berriz laztanik;
janari gozo badut nik
ene baratzean are
ezti gehiagorik Hire,
bil ezak berriz laztanik.»

Suge laztana nekatu
zan, ordea... loak hartu...
ezti-loreetan etzanda
atseden hartzen ari da,
gaixoa baita nekatu.

Ene maitea, moxu bat
has dezantzat bertze hainbat!
Sugea baitatza lotan,
indarren bihurtzekotan
oi!, emaiozu moxu bat...
Jon Mirande













1 comentário:

laidy di disse...

Eta musika...Mikel Markezena!