04/01/2008

Badira beldurra ematen duen edertasuna duten neskak. Dardara eragiten duten begiak. Euriaren lurrina daraman ahoan erokeriaren bat egitera bultza zaitzaketen ezpainak. Haien ilea, nola utzi laztandu gabe! Nola kendu burutik haien gorputzaren irudi imajinatua, gauean gelako epeltasunean zaudenean! Hain ederrak dira neska batzuek non neure burua saldua sentitzen dudan haien aurrean. Madarikazio biblikoen antzera, haien hitz bat aski nuke errekara saltatzeko. Zergatik egiten gaitu besteen edertasunak hain ahul, mengel, nerabe eta eskas? Gaur goizean ikusi dut horrelako bat, zelta-odola daraman euskaldun bat. Eskerrak ez didan begiratu, eskerrak ez den niregana hurbildu sua eskatzera, edo ordua galdetzera, edo elkarrizketa bat hitzartzera, eskerrak ez didan esan nitaz maiteminduta dagoela, eskerrak ez didan eskutik heldu eta «goazen» esan, ezingo bainiokeen ezetzik eman eta ezagutzen dudanetik maite dudala ukatu.




Pako Aristi

Sem comentários: