20/11/2007


Ba gaude eta ez gaude.
Eta ezagutzen ez ditudan begiek desiren sokan korapilatu naute.
Ametsei adiktoak bihurtu gara. Ametsak politak direlako, batez ere, gau hotzenetan ere gure grinak pizteko gai direnean.
Errauts bihurtzen gaituzten hainbeste gauza topatzen dugu gure egunerokotasunean!
Bai, nik ere errautsa izatearen beldur naiz. Baina momentuz sua naizelakoan nago. Eta sua izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Gure hiriburuak ezagutu ditugu eta horietako batean elkartu egin gara: Imajinazioaren hiriburuan. Zure begietara harilkatzen nauen hiriburuan. Gaur euria egiten du gure hiriburuaren gainean. Eta halakoetan leihotik euri tantak nola erortzen diren ikustea gustukoa dut. Eta gure hiriburu pribatu honetan berriro ere elkartzen garela pentsatzen dut. Eta gure gorputz biluziek modurik ederrenean euri jasari aurre egiten dietela imajinatzen dut. Eta ba naiz. Eta bazara. Eta batek daki zein izango den gure hurrengo hiriburua. Hau momentuz polita da, eta disfrutatu egin nahi dut. Disfrutatu egiten dut. Disko bat jarri dut. Ohean eseri naiz. Zure oharrak hartu ditut. Eta Ruperren ahotsa entzuten dudan bitartean zure begien hiriburura egin dut bidai. Imajinazioak lan egin dezan utz dezagun, bederen...

Zeure gorputza da orain nire hiria,
zeu zara orain nahi dudan aberria.
Bizitzeko ez zait horrenbeste ardura:
Paris, Tombuctu, New York, Bombay,
Segura, Berlin, Katmandu, Sidney,
Addis Abeba, Aljer, Lisboa, B
udaPest, Kiev, Ottawa.
Baina orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.
Hiltzeko ere berdintsu zait herria:
Lome, Friburgo, Quito, Tallinn,
Luanda, Tashkent, Mutriku, Shangai,
Istanbul, Praia, Praga,
Kigali, Bangkok,
Amsterdam, Basora.
Baina orain zeu zara
nire hiriburua,
aberri, hilobi,
neure sorlekua.