29/12/2007

Itsaso urrunen harmonietan
uhinen alaba jaio zinaden.
Geroztik zabiltza zure oroitzan
izaro gardenak ezin eriden,

Eguerdi handiko iguzki-sapak
erre izaroak. Hegoialderantz
itsasneskek dantzan —zure ahizpak—
dihardute hantxe, bainan zuk ahantz...

Eta, dela hantxe zohardi tipil
uhin geldituen gainen, gauetan,
itsasneskak oro elkar maitez bil
daitez leihorrerat argizaritan.

Zuk ahizpen dantzak utzi dituzu,
irrikaz jin zara izotz-aldera;
elur, ipar-haize, gaupe hodeitsu
hor dituzu... Gure ganat jin zara.

Geroztik zabiltza gure ipartar
itsaso hotzetan. Noizetik behin
beha zagozkigu, bihotzean har;
eta guk so 'ginda bazoaz arin,

Ontzitan jarraikiz gizon-ametsa...
...bainan alperretan: ihes joan zoaz
et' itsaslariak, beldur itxesa,
itzuli behar du arraun-indarraz.

Minetan daukazu giza-gogoa,
ainigma zaitugu adimenentzat.
Nor zara? Ala beti gezurrezkoa?
Gogorapen, ala irudi soil bat?



Jon Mirande

Sem comentários: